Su txikian

Proiekzioa

13/05/21

“SU TXIKIAN BIRA MUNDIALA” martxoa eta ekaina bitartean – pil-pilean ikastaroaren sistematizazioaren aurkezpena

su-txikian-kartela

“Su txikian: Herri mugimenduak bor-borka” dokumentala eta “PIL-PILEAN: Herri-mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian Ikastaroaren Sistematizazioa (2015-2018)” liburua aurkezteko Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo gara martxotik ekainera.

Jakintza kolektiboki sortzea ardatz, Euskal Herriko herri-mugimenduek elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazio izan zedin sortu zen 2015. urtean Pil-Pilean ikastaroa. Formakuntza politiko integrala sustatu nahi genuen: historikoa, teoriko-ideologikoa, metodologikoa, gorputzezkoa, antolaketakoa…; herri-sektoreek pairatzen dituzten zapalkuntza guztiak eta aurrera daramatzaten borroka eta erresistentzia estrategia denak aitortuz. Formakuntza politikorako esperimentu harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu nahi genituen, gure kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu.

Dokumental honetan, ikastaroko 14 partaide agertzen dira haien esperientzia eta ikasitakoak kontatzen, azpimarratzen, denbora pasatuta ikastaroaren arrastoa erakusten, metodologia eta bizipenetatik ikasteak duen garrantzia azaltzen.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmoa herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea da besteak beste, eta hori nola egiten denari erreparatzea. Horretarako bideo hau txosten batekin batera sortu dugu, gure webgunean eskuragarri dagoena (baita gazteleraz ere), eta biak elkar osatuz, tresna bat izateko asmoa dute, herritik sortutako jakintza herriari itzultzeko xedearekin.

Animatu etortzen, eta zabaldu interesa izan dezakeen edonori!

Izen emateak Joxemi Zumalaberen webgunean